Iratiko Oihana
Basajaun eta Basandereren lurretan murgiltzea, topikonegatik soilik ezagututako Oihan batean murgiltzea besterik ez da. Europako oihan garrantzitsuenetarikoa da eta pagadi hoberenetarikoa gainera. Irati Nafarroako oxigeno eta ur fabrika handiena da, herrialde osoaren onurarako. Irati ura da, oxigenoa, egurra, belardiak… Ez da baso bat, Oihan bat da
Duela 10.000 urte ehizan eta bilketan ibiltzen ziren giza-taldeak bizi ziren, baina paisaia desberdina zen, konifera eta haritzez osatutako basoa baitzegoen. Duela 5.000 urte, artzaintzaren agerpenarekin batera, pagoa nagusitzen hasi zen, gaur egungo oihanaren nortasuna dena, nolabait. Artzantzaren garapenarekin batera, belardiek basoari tokia hartu zioten, erretzeen bidez. Gaur egun larre zabalak daude Aezkoan, hala nola Sariozar, Orion-Mendizar-Errozate eta Azpegi-Arrataka-Organbide.
Zuberoan eta Baxe-Nafarroan baso gutxiago dute larreak baino, Zaraitzun pagadi-izeidi zabala dago eta Aezkoan pagadia nagusitzen da. Badaude, hala ere, bestelako landare-espezieak. Han hemenka haritzak ditugu, historia-aurreko basoaren arrasto, eta zona batzuetan hariztiak ere, Alzatean, Ariztuin eta Arritxurieta-Garzilan, Itolatzen bidearen ondoan. Basoberritzeko pinuak, zumarrak, astigarra… eta bestelako espezieak mendian barreiatuta, hurritzak, gorostiak eta bestelako sasiak atzendu gabe. Iratxea ere ugaria da, eta honek ematen dio izena oihan eta ibaiari.
Faunari dagokionez, hartza egon zen XIX. .ende amaierara arte. 1820ko hamarkadan ehizaldi handiak antolatu ziren eta ordutik aztarnarnaren bat besterik ez da aurkitu, 1977an Ibarrondoan adibidez. Otsoa XX. mendearen lehen herenera arte egon zen, datuak daude 1928an Luzaiden eta 1895 Orbaizetako Olan haur baten erasoari buruz. Oreina ehizarengatik desagertu zen eta 1956an bersartu zen. Basurdeak, azeriak eta orkatzak ere daude, beste animalia txikiagoekin batera: basakatua, azkonarra, lursagu gorria, ipurtatsa, sahatsuria, pirinioko igela, arrabioak…
Hegazti ugari ere badago iratin, ikusten zailak direnak, baina errazak entzuten. Okil gibelnabarra azpimarratzen dugu, altxor ornitologikoa izateagatik. Gainera, putreak, ugatzak, arranoak, belatzak, bestelako okilak, elur txoriak, erregetxoak.. ere ikus ditzakegu. Ezin dugu ahaztu Irati Europako hegaztien migraziorako pasabide dela, kurrilo eta uso-taldeak pasa egiten dira hemendik, azken hauek ehizatuak direlarik.
Aurrehistoriatik egon da gizakia Oihan honetan, noizean behineko bizilagun anitzekin. Erdi Aroko bidelapurrak, babesleku bila etorritako soldaduak, mendiko langileak (ikazkinak, artzainak, egurginak, mandazainak) eta baita II Mundu Gerrako naziak ere, ibili dira bertatik. Ezin ditugu ahaztu kontrabandoan ibilitakoak eta makiak. Gaur egun, zerrenda honetan gehitzen azkenak, turistak eta bisitariak, Iratiko paisaiak erakarrita.
Natura eta historia etengabe lotzen dituen gunea da, beraz, bestelako pertsonaia mitologikoez gain, bere bihotzean urtegi bat duena.
Azken ohar bat. Irati izena euskaratik dator, iratxe + di-ti, iratxe asko dagoen tokiari erreferentzia eginez. Izan daiteke ibaia behinola Ida dei zitekeela, toponimiako hainbat arrastok agertzen duten bezala: ida zubia irunberrin edo Long-ida-ko ibarra. Iratin, kontrasario eta Egurgio errekak ibaiarekin batzen ziren tokia Idaibea (=Ida ibaia) deitzen zen XX. Mendearen hasierara arte eta handik atera zen gaur egungo urtegiaren izena, Irabia.